lunes, 14 de noviembre de 2011
IPUINA : "ILARGIAREN SOINEKOA"
Behin batean Ilargiak, amarengana hurbildu eta, hauxe esan zion:
- "Aizu, amatxo, soineko bat eduki nahi dut. Lurreko biztanleek erabiltzen dituztenak bezalako soineko bat eduki nahi dut".
- "Ongi da, alabatxo -erantzun zion amak- Zoaz jostunarengana eta esaiozu neurriak hartzeko".
Joan zen, bada, Ilargia jostunaren etxera. Hark neurriak hartu zizkion eta handik bost egunera itzultzeko eskatu zion. Bost egun igarota, han joan zen Ilargia jostunaren etxera lasterka bizian. Soinekoa janzten hasi zen baina ezin: laburregi eta estuegi zeukan.
- "Dirudienez, erratu egin naiz", pentsatu zuen jostunak bere arterako, eta neurriak hartu zizkion berriro.
- "Itzuli bost egun barru"- esan zion Ilargiari.
Ilargia bost egun geroago itzuli zen, soinekoa jantzi eta berriro gauza bera gertatu zitzaion: laburregi eta estuegi zeukan.
Jostunak berriz ere neurriak hartu, handik bost egunera itzultzeko eskatu eta, beste barik, lanari ekin zion. Bost egun haiek igaro ziren. Jostunak soinekoa amaitu zuen baina Ilargia bere etxera sartzen ikusi zuenean....... ez zuen jantzi beharrik izan: bazekien ez zuela sekula ondo edukiko, une hartan Ilargia gazta bezain biribila baitzen.
Jostuna etsita zegoen erabat:
-"Ezin dizut soinekorik egin, Ilargi, orain laurdena, gero erdia eta ondoren osoa zaudelako. Neurri asko hartu arren inoiz ez duzu soinekoa ondo edukiko".
Horrexegatik geratu zen Ilargia soinekorik gabe eta horrexegatik dago oraindik ere biluzik.
Dena dela Ilargia, soinekoarekin edo gabe, beti eder.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.